Sortu dugun blog honetan Haur Hezkuntzako gaiei buruz hitz egingo dugu, eskoletan gertatu diren egoera berriei erreferentzia eginez

miércoles, 9 de mayo de 2012

Inklusiorako Eskubidea


Inklusioak etengabeko hobekuntza prozesuarekin konpromisoa eta jarrera eskatzen du; hezkuntzako kulturak, politikak eta jardunbideak aztertzeko eta horien gainean gogoeta egiteko eta oztopoak eta hobetu beharreko alorrak identifikatzeko esfortzua eskatzen du. Inklusioan aurrera egitea errespetu, tolerantzia eta elkartasun jarreretan aurrera egitea da; balioetan heztea da, baina balioak, erakusteaz gain, bizi egiten dira; elkarrekin biziz elkarrekin bizitzen ikastea da. Helburu horiek errealitate bilakatzeko, eta desio onetan gera ez daitezen, beharrezkoa da Hezkuntza Erkidegoko agente guztiak informatzea, sentsibilizatzea eta mentalizatzea, baita ikasleak ere; oso garrantzitsua da aniztasun hori ezagutzeko eta ulertzeko aukera izatea. Hori dela eta, oso garrantzitsua da irakasleek desberdintasunean hezteko erantzukizuna beren gain hartzea. “Desberdintasunek ikasteko aukera handiak eskaintzen dituzte. Desberdintasunak baliabide doakoa, ugaria eta berriztagarria dira”. (Robert Barth 1990, Stainback eta Stainback-etik hartua, 2004). Horrela, aniztasuna elkarrekintzak eta ikasketak aberasteko aukera gisa onartu ahal izango da. Beharrezkoa da “desberdintasuna sozializatzea”, informazioan eta  elkarrekintzarako  adibide egokietan oinarrituz. Inklusioa, beste ezer baino gehiago, eskubidea da, baina argi dago oso kontzeptu zabala dela, eta argitu behar da. Definizio bat baino gehiago bildu eta kontuan har dezakegu, Pattersonena, adibidez: “Norbanako bakoitzak bere balioa duela eta taldeko kide dela uste izatean oinarritutako bizitzeko modu bat da, elkarrekin bizitzeko era. Inklusioan oinarritutako eskola ikasle guztiak barne, partaide, sentituko diren eskola izango da”. Horrek esan nahi du ikasle guztiak onartuak izan behar direla, bakoitzari bere berezitasuna aitortu behar zaiola, baloratu egingo direla, eta guztiek ere eskolan parte hartuko dutela, bakoitza bere gaitasunen  arabera. 



No hay comentarios:

Publicar un comentario